XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. IRAKURGAIA

LOA, LOALDIA, LOGURA

Lo egitea beharrezkoa dela gauza jakina da eta horretaz hainbat adibide daukagu.

Animaliekin egin diren esperimentuetan, adibidez, hauek hil eta guzti egiten ziren loa eragotziz gero.

Gizaki bolondresekin egin direnetan ere, hauek lo egin gabeko 6-9 egunen buruan begitazinoekin eta burutik egiten hasten ziren.

Lo egin beharra arazo larri bihurtu da zenbaitentzat: Europan hiru bizilagunetatik bat lo-gabea da edo lo egiteko arazoak ditu; horrez gainera, Europan gehien saltzen den sendagai mota, loeragingailu edo barbiturikoak dira.

Buruko ileak lazteko moduko datuak!

Argi dago metodo horiek erabiltzea ez dela biderik onena.

Izan ere, zenbat eta loeragingailu gehiago hartu, hainbat gehiago beharko ditugu eta azkenean, loeragingailu horien menpean biziko gara.

Non dago, baina, logabe eta loegile normalaren arteko muga?

Hori, pertsona nolakoa den eta zenbat urte dituen izango da.

Horrela, bularretako haurrak 18 lo ordu (etenka) behar dituen bitartean, gazte batek 8-9 ordu beharko ditu; pertsona batzuek 8-9 ordu behar dituzten bitartean, beste batzuek 6 ordurekin nahikoa izaten dute.

Nork bere neurria jakin behar du, egun osoan bazterretan lokaikuak egiten egon edo irakasleak lozorroan harrapatzea nahi ez badugu.

Logabetasun mota asko daude eta denen jatorria ez da bat bera izaten.

Batzuek logura izan arren ez dute lokartzea lortzen eta zenbat eta arduratuago egon lo egin beharraz, hainbat zailago egiten zaie; badira gauero loguraren kontra burrukatzen dutenak ere, loaldiaren eta ameskaitzen beldurrez; beste batzuk goizaldean itzartzen dira astegun berriaren aurrean larri.

Logabetasun hauek (edo sakonagoak) kroniko bihurtzen direnean nahaste edo gaisotasun psikiko baten adierazpenak izan daitezke.

Badira, azkenik, logabetasun ez hain kezkagarriak, hala nola, arazo larriren batek eragindako lo ezinak (azterketak, maitasun kontuak....) eta izakera antsiatiak edo bizimodu desegokiak eragindakoak.

Logabetasun arin hauetan, ez dugu nahi adina lo egiten baina bai, ordea, behar adina (edo guk uste baino gehiago behintzat).